XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Alaitz eta Maider trikitilariek beren lehen diskoa plazaratu dute

F. I./DV. DONOSTIA

Alaitz eta Maider bikoteak bere lehenengo diskoa aurkeztu zuen atzo.

Nahiz eta oso gazteak diren 1976an jaioak zazpi urte daramatzate jadanik jendaurrean trikitixa jotzen.

Lehendik ere aski ezaguna da Oiartzungo bikote hau.

Iazko urtean, esaterako, berrogei bat aldiz jardun zuten jendaurrean.

Normalean talde gisa aritzen dira, beste lagun hauekin: Anaitz Arozena (bateria); Igor Ruiz (bajoa); eta David Sánchez (gitarra).

1991.ean maketa bat burutu zuten Joseba Tapia trikitilari ezagunaren laguntzarekin.

Harrezkero zuzeneko jarduna hobetzen saiatu ziren eta, handik bi urtera, beren bigarren maketa plazaratu, orduan talde eta guzti, eta Jon Minerren laguntzarekin.

Orain joera den bezala, bikote honek ere estilo asko nahastu ditu Alaitz eta Maider izeneko disko honetan.

Trikitixako aire tradizionalei azkenaldi honetakoak gehitu dizkie, hala nola kunbia eta ska.

Hamabost doinu dakartza diskoak.

Horietatik, hamaika Alaitzek sortuak, hiru Maiderrek, eta beste bat bien artean egina.

Letrak berak ere, behin baino gehiagotan dira bikote honek egina.

Oso emaitza pertsonala, beraz.

Kantuetako batean Maiderrek maitasunezko bere amets bat kontatzen du; beste batean, berriz, pertsona bat jadanik hamaika urtez berarengandik urruti bizi delako pena azaltzen.

Alaitzek, berriz, afrikar emigranteen penak azaltzen du pieza batean; beste batean, despertadorearen kontra jarduten du.

Beste letra batzuk Joxe Mari Karrere, Jexux Mari Irazu, Esteban Martiarena, Gotzon Sánchez eta E. Ortuzarrek eginak dira.

Atzoko aurkezpenean, Alaitz eta Maiderrek behin eta berriro eman zizkioten eskerrak Joseba Tapiari, diskoaren produkzio-lanetan gogotik lagundu dielako.

Bera tartean izan ez balitz ez zen aterako, esan zuten.

Halaber, beren gurasoak eskertu zituzten urteetan zehar eman diguten laguntza inkondizionalagatik.

Produkzio-lanetan laguntzaile Joseba Tapia aspaldiko adiskidea izan dute.

Maide Zabalegi (ezkerraldean) eta Alaitz Telletxea